1.ERANSKINA 5.EKINTZA

PREBENTZIOAK ETA AHOLKUAK

 
-Arretaz ibili datu pertsonalak ematerakoan, zaindu non agertzen diren eta nori ematen dizkiozun: izena, telefonoa, helbidea, argazkiak, ikastetxea… Zutaz zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta seguruago egon eta sentituko zara. Arretaz ibili txat irekietan edo areto pribatuetan azaltzen duzunarekin ere; izan ere, besteentzako pistak izan daitezke zuei buruzko datuak eskuratzeko. Ezizenak eta irudizko izenak erabili beti.

 

-Arreta berezia ipini Interneteko etiketa edo jokamoldeei, hala nola agurra, zure aldartea edo asmoa adierazten duten grafikoen erabilera (aurpegierak) eta abar. Pentsa zure solaskideak beste kultura edo errealitate sozialekoak izan daitezkeela eta benetan esan nahi duzuna gaizki uler dezaketela. Gaizkiulerturen bat izanez gero, ahalegindu modu onez argitzen.

 

-Ez erantzun inoiz probokazioei eta are gutxiago haserre bazaude. Egin minutu batzuetan entretenituko zaituen zerbait idazten hasi aurretik lasaitzeko. Erantzuten baduzu, gauzak okertzeaz gain, ziberzapaltzaileari eman diezaiokezun pozik handiena emango diozu.

 

-Mehatxua edo jazarpena modu iraunkorrean ematen denean, saiatu gertatutakoaren froga gisa ahal duzuna gordetzen, itxi konexioa eta eskatu laguntza heldu bati (adibidez, mehatxatzen zaituena ikastetxekoa bertakoa dela uste baduzu, hitz egin orientatzailearekin).

 

-Ez suntsitu ziberbullyingaren frogak (testu mezuak, web orria eta abar).

 

-Saiatu zibererasotzailea identifikatzen (haren IP aztertu, informatikan adituak direnei eta poliziari laguntza eskatu).

 

-Jarri harremanetan jazarpena egiteko erabili den bitartekoaren konpainiarekin (telefono konpainia, web orrialdearen jabea…).

 

-Ikastetxeari, zuzendariari eta orientatzaileari gertatutakoaren berri eman, beharrezko laguntza jasotzeko.

 

-Eskola-jazarpenean espezializatutako erakundeetara jo.

 

-Jazarpena poliziari salatu.

 

 

UNICEFeko dekalogoa: “Haurren e-eskubideak” (2004)

 
1. Informaziorako eta teknologietarako sarbidea izateko eskubidea, sexu, adin, baliabide ekonomiko, herritartasun, etnia, bizileku eta abar bezalako arrazoiengatik diskriminaziorik jasan gabe. Sarbiderako eskubide hori desgaitutako haurrei aplikatuko zaie bereziki.

 

2. Libreki adierazi eta elkartzeko eskubidea. Sarearen bidez mota guztietako informazio eta ideiak bilatu, jaso eta zabaltzea. Eskubide horiek haurren ongizaterako, garapenerako eta segurtasunerako kaltegarriak izan daitezkeen informazio eta materialen aurrean haurren babesa bermatzeko soilik murriztuko dira; horrez gain, baita legeak, segurtasuna, eskubideak eta beste pertsonen ospea betetzen dela bermatzeko ere.

 

3. Interneten haurrei eragiten dieten legeak edo arauak aplikatzen direnean, kontsultatuak izateko eta iritzia emateko duten eskubidea; hala nola edukien murriztapena, abusuen aurkako borroka, sarbide murriztapenak eta abar.

 

4. Internet erabiliz sortzen den esplotazioaren aurka, legez kanpoko merkataritzaren aurka eta mota guztietako jazarpen eta biolentziaren aurka babesteko eskubidea. Haurrek Internet erabiltzeko eskubidea izango dute aipatu abusuetatik babesteko eta haien eskubideak ezagutarazi eta defendatzeko.

 

5. Garapen pertsonalerako eta heziketarako eskubidea eta baita Internet bezalako teknologia berriek prestakuntza hobetzeko eskain ditzaketen aukeretarako eskubidea ere. Haurrei zuzendutako eduki hezigarriak egokiak izan behar dira haien ongizatea sustatzeko, gaitasunak garatzeko, giza eskubideekiko eta ingurumenarekiko errespetua bultzatzeko eta gizarte askean herritar arduratsuak izateko.

 

6. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioetan intimitaterako eskubidea. Sarean datu pertsonalak ez emateko eta nortasuna eta irudia legez kanpoko erabileretatik gordetzeko eskubidea.

 

7. Aisiarako, jolaserako eta dibertitzeko eskubidea, baita Internet eta bestelako teknologia berrien bidez ere. Interneteko jolas eta aisiarako proposamenek doako biolentziarik, mezu arrazistarik, sexistarik edo iraingarririk ez izateko eskubidea eta haurren eta beste pertsonen eskubideak eta irudia errespeta ditzatela.

 

8. Gurasoek seme-alabak orientatu, hezi eta haiekin Interneten erabilera arduratsua egiteko adostasunak hartzeko eskubidea eta ardura izango dute: erabilera denborak zehaztea, bisitatu behar ez diren orrialdeak finkatzea, mezu eta egoera arriskutsuetatik babesteko eman behar ez duten informazioa zehaztea eta abar. Horretarako, gurasoek ere Interneten erabileraren berri izan behar dute eta Interneteko edukiak ezagutu behar dituzte.

 

9. Herrialde garatuetako gobernuek konpromisoa hartu eta lankidetzan jardun behar dute beste herrialdeei, haietako herritarrei eta bereziki haurrei Interneterako eta informazioaren beste teknologietarako sarbidea errazteko; horrela, haien garapena sustatzeko eta herrialde aberatsen eta pobreen arteko muga berria sortzea saihesteko.

 

10. Teknologia berriak erabiltzea etekina ateratzeko eta norberaren alde egiteko, hala mundu osasuntsu, baketsu, solidario, justu eta ingurumenarekin errespetagarriagoa eta haur guztien eskubideak errespetatuko diren mundurako urratsa emateko eskubidea izateko.